NAZIOARTEKO ANIMAZIO FESTIBALA
IRAILAREN 9tik 12ra, DEBA
ProgramazioaSarrerak
29.07.2026

Malen Pazos ilustratzaile mutrikuarrak sortu du 19. Animadeba jaialdiaren irudi berria

Prest zaude amets egiteko? Laster errealitatea gelditu eta irudimenak kontrol osoa hartuko du Deban. Aurtengo ANIMADEBAk, Debako Nazioarteko Animazio Festibalak, herria sakonki eraldatuko du eta bertaratzen diren guztiei esna daudela amets egiteko aukera paregabea eskainiko die.

Egun batzuetan zehar, udalerriaren eguneroko erritmoa eten egingo da Deba nazioarteko topagune bilakatzeko. Urteroko moduan, animazioaren indar bateratzaileak erakarrita, industria honetako hainbat profesional elkartuko dira bertan: zuzendariak, ekoizleak, sektoreko langileak zein ikasleak debarrekin batera biziko dira jai giroan.

Aurtengo identitate bisualak errealitate berezi hori irudikatu nahi izan du. Horretarako, antolakuntzak Malen Pazos (Mutriku, 1997) ilustratzailearen lanaren aldeko apustua egin du. Publizitatean graduatua den artista gipuzkoar hau ezaguna da bere ilustrazio digital koloretsuengatik, forma zein proportzio fantastikoekin jolasteko duen gaitasunagatik eta testura bereziengatik.

Pazosen kartelak adin guztietako pertsonak, istorioak eta pentsamenduak leku berean elkartzen direneko une magiko hori islatzen du. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, herritarrek eta bisitariek ikusle soil izateari utziko diote egun hauetan protagonista bihurtzeko. Azken finean, guztiek animazioaren hizkuntza unibertsala erabiliko dute argiak itzali eta magia hasten denean.