Dagoeneko ikusgai dago Animadebaren egitarau osoa webgunean
Irailaren 9tik 12ra bitartean Animadeba jaialdiaren 19. edizioa ospatuko da Deban. Lau egunez, mundu osoko animaziozko film laburrak, haurrentzako saioak, industria-topaketak eta gaueko kontzertuak bilduko ditu egitarauak.
Dena prest dago Animadebaren 19. edizioaz gozatzeko. Antolakuntzak dagoeneko webgunean argitaratu du egitarau osoa, eta bertaratzen direnek nazioarteko zein etxeko animazio onenaz, tailerrez, profesionalen topaketez eta musika zuzenean gozatzeko aukera izango dute irailaren 9tik 12ra bitartean.
Aurtengo film laburren hautaketa zabalak hamar herrialde baino gehiagotako sormen lanak bilduko ditu. Sail Ofizialean eta Panorama atalean gaur egungo gai zein istorio anitzak ikusi ahal izango dira teknika ezberdinen bidez garatuta. Gainera, Zuzendari Berriak EHU sailean zinegile gazteen proposamen berri eta ausartak lehiatuko dira saria eskuratzeko.
Etxeko txikienek ere beren gunea izango dute Animatxiki sailean. 5 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendutako atal honetan animazioaz familiakideekin batera gozatu ahal izango da. Eskaintza hau osatzeko, EITBko Makusi plataformako atal bereziak ere proiektatuko dira.
Zinemaz harago, Animadeba Lab gunean ikus-entzunezkoen industriari buruzko topaketak eta proiektuen aurkezpenak egingo dira profesionalentzat. Egunei amaiera emateko, berriz, jaialdiak musika eskaintza erakargarria prestatu du: Maskak taldearen zuzeneko kontzertuak eta DJ Siwanabaren saioak girotuko dituzte gaueko emanaldiak.
Egitarauaren ordutegi guztiak, saio bakoitzaren xehetasunak eta informazio osatua eskuragarri daude dagoeneko Animadebaren webgune ofizialean