NAZIOARTEKO ANIMAZIO FESTIBALA
IRAILAREN 9tik 12ra, DEBA
ProgramazioaSarrerak
13.09.2026

Animadebak 19. edizioari amaiera eman dio, ikusle eta parte-hartze errekorrarekin

Lau egunez Deba animazioaren topagune izan ostean, jaialdiak oso balorazio positiboa egin du eta 2026ko sarituen zerrenda ezagutarazi du. Animadebak 19. edizioari amaiera eman dio larunbat honetan, jaialdiaren historiako ikusle eta parte-hartze kopururik handienarekin. Irailaren 9tik 12ra, Deba animazioaren topagune bihurtu da, mundu osoko zinemagileak, profesionalak, animazio zaleak eta ikusleak elkartuz. Lau egun hauetan, proiekzioez gain, Work in Progress saioak, topaketak eta hainbat jarduera izan dira, Animadeba ikuslearen, sortzaileen eta artearen arteko topagune gisa sendotuz.

EL CUERPO DEL CRISTO, ANIMADEBAKO FILM ONENA

Animadeba Film Onenaren Saria Bea Lemaren El Cuerpo del Cristo filmak jaso du. Epaimahaiak lanaren hizkuntza bisual berritzailea nabarmendu du, tradizioa eta brodatuak uztartuz traumak gure bizitzetan nola ehuntzen diren erakusteko. Gidoi Onenaren Saria, berriz, Georges Sifanosen Quai Sisowath / Sisowath Quay lanarentzat izan da. Epaimahaiak bereziki baloratu du Kanbodiako folklorea, hondamendi ekologikoa eta beldurrezko generoa modu originalean uztartzeko duen gaitasuna. Kiana Naghshinehen Im Auto, Tapes und Butterbrot / With Tapes and Toasts in the Car filmak Aipamen Berezia jaso du, familia barruko gaixotasunaren esperientzia fantasiazko eremura eramateagatik, bere ikuspegi freskoagatik, pertsonaien diseinuagatik eta umoreagatik.

ZUZENDARI BERRIEN TALENTUA SARITU DU ANIMADEBAK

Zuzendari Berriak EHU Saria The Tale of Tran Thanh Duong filmak jaso du. Hachul Le Dok zuzendutako lanak animazio-estilo fresko eta ausarta erakusten du, etengabe eraldatzen den unibertso bat sortuz. Folklorea, musika eta identitate propioaren bilaketa uztartzen dituen lanak epaimahaiaren aitortza jaso du, eta animazioaren bidez bitarrekiko mugak gainditzeko gai unibertsalari heltzen dio. Atal honetan, Lehen Aipamen Berezia When The Mountains Shook lanarentzat izan da, bere ikuspegi esperimental eta ausartagatik. Bigarren Aipamen Berezia, berriz, Da Mor Ghag / The Mother’s Voice filmak jaso du, janari-banatzaileek bizi dituzten errealitate gogorrak eta egungo esplotazio-moduak erakusteagatik.

WORK IN PROGRESS: ETORKIZUNEKO PROIEKTUAK ETA TALENTU BERRIAK

Animadebako Work in Progress atalak ere bere sariak banatu ditu aurten, animazio-proiektu berriak eta sortzaile berriak bultzatzeko duen konpromisoa berretsiz. Talentu Berrien DAMA Aipamen Berezia Celia Alcinaren In Between proiektuak jaso du. Epaimahaiak aurkezpen profesional eta argia ez ezik, proiektuaren kalitate grafikoa eta teknikoa eta egilearen anbizioa ere nabarmendu ditu. BERRIA Saria, euskaraz aurkeztutako Work in Progress proiektu onenari, Libe Carballo Arambururen Ur Gazitan film laburrari eman zaio. Lanaren umorea, soiltasuna eta materialekiko sentsibilitatea azpimarratu ditu epaimahaiak. Bestalde, Talentu Berrien DAMA Saria Marina Verdaguer Rosen Kirie Eleison proiektuak jaso du. Azkenik, WIP DAMA Profesionalen Saria Kote Camachoren Nor Nai lanarentzat izan da.

EDIZIO HISTORIKOA PUBLIKOAREN ERANTZUNAGATIK

19. edizio honen balantzea oso positiboa da Animadebaren antolakuntzarentzat. Publikoaren erantzuna inoiz baino handiagoa izan da, eta jaialdiak bere historiako ikusle eta parte-hartze kopururik altuenak lortu ditu. Emaitza horrek animazio-zinemarekiko dagoen interesa berretsi du, eta Deba animazioaren inguruko nazioarteko topagune gisa sendotzen lagundu du. Aldi berean, Animadebak mundu osoko film eta zinemagileak hartu ditu, tokiko sorkuntzari, talentu berriei eta euskarazko animazioari espazio berezia eskainiz.

20. EDIZIORANTZ

19. edizioa amaituta, Animadebak dagoeneko hurrengo hitzorduari begira jarri du arreta: 20. edizioa. Urteurren berezi horrek erronka berri bat ekarriko du, animazioaren aldeko apustuari eutsiz eta publikoari, sortzaileei eta sektoreko profesionalei elkartzeko, deskubritzeko eta gozatzeko espazio berriak eskaintzen jarraitzeko.

Animadeba 2027an itzuliko da.