NAZIOARTEKO ANIMAZIO FESTIBALA
IRAILAREN 9tik 12ra, DEBA
ProgramazioaSarrerak
24.11.2026

Animadeba Off Bilbora iritsi da masterclass, nazioarteko film laburren proiekzio eta zuzeneko musikarekin

Animadebak Debako mugak gaindituko ditu berriro ere animazio garaikidea Bilbora hurbiltzeko. Datorren abenduaren 2an, Bizkaia Aretoa – EHU eraikinak Animadeba Off-Bilbo ekitaldiaren edizio berri bat hartuko du. Ikus-entzunezko sektoreko profesional eta ikasleei zein publiko orokorrari zuzendutako hitzordua da, goizean hasi eta  gauean amaituko diren  jarduera programazio zabalarekin.

Programazioa goizeko hamarretan abiatuko da Arriaga Entzunaretoan, produkzioari, teknologia berriei eta egile-sorkuntzari buruzko hiru masterclassekin. Lehenengo saioan, 10:00etan, Josefina Maggiotto Iribarnek Aurrera ateratzen hitzaldia eskainiko du; Robot Dreams filmean izandako esperientziatik abiatuta, kultura-industriako produkzio departamentuaren lana azalduko du gidoitik estreinaldiraino, prozesuak, lantaldeak, aurrekontuak eta egutegiak xehatuz. Jarraian, 11:15ean, Niko Vázquezek Promt-aren aurretik eta ondoren: irudia, bideoa eta audioa AArekin saioa gidatuko du, adimen artifizial sortzaileak irudian, bideoan eta musikan duen eraginari buruzko azterketa praktikoa eginez eta tresnak, sormen-prozesuak zein egungo erronkak alderatuz. Goizeko blokea ixteko, 12:30ean, Carla Pereira Docampok Stop motion: ogibidearen eta egiletzaren artean masterclassa emango du, bere ibilbide profesionalaren eta film laburren errepasoa egiteko eta artisau-lanari zein pertsonaia berezien eraikuntzari buruzko gako narratibo eta bisualak partekatzeko.

Arratsaldean, jarduera Baroja Entzunaretora lekualdatuko da, nazioarteko eta Euskal Herriko azken film laburren aukeraketa nabarmena bilduko duten bi proiekzio-saiorekin. Alde batetik, 16:30ean, Zuzendari berriak EHU atalak zuzendaritzako ahots berriei eskainitako erakustaldia proposatuko du, Italia, Pakistan, Estonia, Armenia, Brasil, Espainia, Vietnam, Finlandia, Portugal, Belgika, Hungaria eta Japoniako bederatzi lanekin (Antonio, The Mother’s Voice, Winter in March, Mother of Dawn, Momma Doesn’t Notice Shit, The Tale of Tran Thanh Duong, Things that i was gathering, Wish You Were Ear eta When The Mountains Shook). Bestetik, 18:00etan, Sail nagusia izango da ikusgai, 2025eko eta 2026ko zazpi lan azpimarragarrirekin: El Cuerpo del Cristo, Im Auto Tapes und Butterbrot, Kokeš, Kutyafül, Lethe, Quai Sisowath eta Semiotic of Semiotics of the kitchen euskal pieza.

Jardunaldiari amaiera emateko, 20:00etan Silkat taldearen zuzenekoa izango da Laboa Aretoan. 2025eko Rockein lehiaketan saritutako indie rock eta post-punk hirukote bilbotarrak A Sip of Joy (2026) bere lehen EPko abestiak aurkeztuko ditu.

Bilbo, Amets egiteko prest?