NAZIOARTEKO ANIMAZIO FESTIBALA
IRAILAREN 9tik 12ra, DEBA
ProgramaciónEntradas
17.06.2026

1.500 film labur baino gehiagok eman dute izena Animadebaren 19. edizioan

Animadebaren 19. edizioak berriz ere parte-hartze bikaina izan du. Aurten, mundu osoko100 herrialde baino gehiagotatik iritsitako 1.500 film labur baino gehiago jaso ditugu. Horietatik 40 lan baino ez dira aukeratuko irailean Deban egingo den jaialdiko programazio ofizialean parte hartzeko.

Hautatzaile batzordeak nabarmendu du aurkeztutako lanen kalitatea oso handia dela, baita genero eta estilo aldetik duten aniztasuna ere. Era berean, filmek jorratzen dituzten gaiak askotarikoak direla azpimarratu dute, eta horrek programazio aberats eta askotarikoa osatzeko aukera ematen duela.

Beste urte batez, jasotako lan kopuruak agerian uzten du Animadeba nazioarteko animazioaren erreferente bihurtzen ari dela, mundu osoko sortzaileen artean gero eta oihartzun handiagoa lortzen ari delako.

Aukeratutako 40 film laburrak lau ataletan banatuko dira: 10 Sail Nagusian, 10 Zuzendari Berriak atalean, 10 Panorama sailean eta 10 Animatxiki atalean, haurrei zuzendutako aurtengo berrikuntza.

Hautatzaile taldea azken erabakiak hartzen ari da egunotan, eta laster emango dira ezagutzera edizio honetako hautatutako filmen izenak.

Animadebaren 19. edizioa irailaren 9tik 12ra ospatuko da Deban. Gorde datak eta prestatu zaitez animazioz gozatzeko. Amets egiteko prest?