Animazio garaikidearen funtsezko figura, Michael Dudok de Wit (Herbehereak, 1953) ibilbide luze eta oparoa izan duen zuzendari, gidoilari eta ilustratzailea da. Bere lanek harrera beroa jaso dute nazioarteko ikus-entzunezkoen munduan, obra liriko eta poetiko baten bidez. Nostalgia, kontenplazioa eta xehetasun guztiz zaindua dira bere estiloaren ezaugarri nagusiak, eta horri esker, animazioaren esparruan erreferente ukaezin bihurtu da.
Bere prestakuntza artistikoa Genevan hasi zuen, grabatua ikasiz, eta geroago animazioan espezializatu zen Ingalaterrako Farnham hirian. Han sortu zuen bere lehen film laburra: The Interview (1978). Bartzelonan urtebetez animatzaile gisa lan egin ondoren, 1980an Londresera lekualdatu zen. Harrezkero, freelance modura aritu da hainbat estudioetan, bereziki Richard Purdum Productions ekoiztetxearekin elkarlanean. Bertan zinemarako eta telebistarako hainbat iragarki saritu zuzendu eta animatu zituen.
1992an aurkeztu zuen Tom Sweep, egile gisa sinatu zuen lehen film laburra. Handik bi urtera, The Monk and the Fish (1994) lanarekin egin zuen jauzi, Frantziako Folimage estudioarekin ekoitzita. Film horrek César saria irabazi zuen animaziozko film labur onenaren atalean, eta Oscar eta BAFTA sarietarako izendapena ere jaso zuen.
2000 urtean heldu zen bere lanik ezagunenera: Father and Daughter, ikuslea hunkitzen duen film laburra. Honek Annecyko Zinemaldiko Sari Nagusia, animaziozko film labur onenaren Oscar saria eta BAFTA sari bat lortu zituen. 2004an bukatu zuen The Aroma of Tea, adierazpen sinbolikoz betetako pieza laburra.
Luzemetraira egindako jauzia 2016an iritsi zen, La tortue rouge lanarekin. Japoniako Studio Ghibli ospetsuak ekoiztutako proiektua izan zen, Isao Takahata sortzailearen babesean. Kolaborazio hau mugarri izan zen, izan ere, Ghiblik ekoiztutako lehen nazioarteko lana izan zen. Filmak harrera bikaina jaso zuen, Oscar sarietarako izendapena eta Canneseko Zinemaldiko “Un Certain Regard” ataleko Sari Berezia jasoz, beste sari askoren artean.
